Arbolak, elektrizitate zutoinak, kableak, etxaldeak, elurtutako zelaiak agertu eta alde egiten dute. Atzekaldean, baina, mendikate erraldoia beti ikusgai ageri da.
Leihoa leku berrien agerlekua bihurtzen da trenak bere bidea hartzen duen momentuan. Epe labur baterako ez bada ere. Etengabe etorri eta joan egiten bait dute kanpoko paisaiek, herri eta hiriek edo pertsonek.
Baserri etxea zahartua egonda ere, eskualde honetako, Appenzelleko, estiloa gordetzen du. Baserriaren egoeraren metafora bat izango al da, tren baten leihotik kale-kume batek ateratako argazki hau? Espero dut ezetz. Baserriak bizirautea merezi du.
Trenean bidaiean goazela paisai ederra ageri zaigu. Irudiko etxaldean, berriz, neguko bizitza ederra bezain gogorra izango da. Animaliak zaintzea edo baratza hurrengo sasoirako prestatzea lan zailak dira elurra nonahi dagoenean.
Trenak abiadura bizian jarraitzen dio bere bideari. Zuhaitzak lausotzen dira kristalaren bestaldean. Begiak urrunera begiratuta erlaxatzen dira. Lasaitasuna gorputz osora zabaltzen da, zainez zain, nerbioz nerbio.
Garai bateko argazkia ematen du. Zuribeltza, tonu aldakorrekoa, iluna… argazki zaharren tankerakoa. Irudiak, baina, gaur egungo bizimodua eta lekuak erakusten ditu.
Trenaren zain dago jendea. Teilapeetan lasai itxaroten daude bidaiariak beraien garraioa noiz helduko den zain. Arratsaldea ez dago hotza eta gustora egoteko arrazoiak badute.