Iluntasuna nagusitu da erabat plazan. Lekuaren neurri erraldoia betetzea ezinezkoa da kaleko argi xumeontzat. Ez da behar ere. Orain gauaren garaia da. Argia eta eguzkiaren tartea helduko da bere momentuan.
Lanbroa jeitsi da eta dena lausotu du. Plaza zabal batean arbola erraldoi bat ikusten da. Lau harik eusten diote bere lekuan. Kaleko argiei esker desberdintzen da gaueko belztasunetik.
Kaleko argiak gauaren iluntasuna apurtzen du. Eguzkiaren argia ezin du berdindu. Berehala diluitzen da bere indarra, inguruko belztasunarekin nahastuta.
Kalea ilun dago. Kafetegian oraindik argiak pizturik diraute. Egunerako itxi aurreko momentua da. Bezeroak utzi dute kafetegia. Langileek azkeneko lanak egiten ari dira beraiek ere etxerako bidea hartu baino lehen.
Garabiak agertzen dira lanbroaren gainetik. Azpian, hiria ezkutatuta gelditu da. Ez du eguzkiaren argia ikusiko egun honetan. Gainean, berriz, hartaz goza dezakegu udazkena aurrera joana badago ere.
Bere bidea aurkitu du lanbro astunak ondoko lakutik gaineko hirira iristeko. Eguzkiaren argitan distiratsu ikusten da hodei multzoa baso eta eraikuntzen artean.
Arratsaldea da azaroan. Eguzki sartzea laster heltzeko da. Nabaria da itzalen luzeeran. Eguzki epelak giroa goxatu du. Udazkena aurrera joanda egonda ere, paseoan egoteko ederto dago.
Emeki igarotzen da hodei masa erraldoia. Beheko hiriari sabai baxu berria jartzen dio. Denbora laburrez, hiritik inguruko mendiak bistatik galduko dira. Mendietatik ere, hiria erdi-ezkutatu ageri da.
Eguzki errainuak nekez iragazten dira lanbro mardulan zehar. Hori egin ezean, hodeien goikaldea argiztatzen dute. Ur tanta finez osatutako masaren forma markatzen du argi eta itzalekin.
Zorua eta ura bat egiten al dute? Horrela ematen du. Baina zorua lauki geometrikoetan banatuta dago. Marra paraleloak alde batera eta bestera hedatzen dira. Urak berriz gainazal leuna dauka eta inguruko hiri-paisaia isladatzen du.
Parke koxkorra izanagatik hiria edertzen du berdin berdin. Hiriaren urtaroen koloreak ematen dizkio: berde distiratsua udaberrian eta berde nekatua urteko garai beroenean. Udazkenean berriz, kolore arre eta horien festa erakusten digu.
Harri bat landu eta segida erregularrean pilatu. Horrela bat bestearen atzetik jarriz, etenik gabe, paretak egiten dira. Ahaztu gabe leihateetarako lekua uzteaz. Argia iragazi eta eraikuntzaren barrualdea kolorez betetzea dute helburu.
Plaza zabal honetan, arkitekturaz gain zerua ere protagonista da. Katedralaren dorrea ortzira begira dago. Berarengandik heltzen zaion arrats argiak itzalez betetzen ditu bere hormak.