Argia eta iluntasunaren artean kontraste gogorrak sortzen dira. Izpiak jolasti ibiltzen dira. Itzalak nabarmentzen eta islada bortitzak sortzen dituzte.
Belarriak luze. Muturra ere. Begiak triste antzera, begirada malenkoniatsua. Lepo luzea eta mardula. Burua baxu mantentzen du, bere pisua ezin jasan izango balu bezala.
Kaixo asto. Zergatik sartu zara babesera? Hotzik al zaude? Euria hasiko den beldur al zara? Ia uda hasiera da eta giroa ezin hobea da. Lasai atera zaitezke larretatik nahi beste belar fresko jatera.
Harrokak bizitoki garratza izango dira, baina landare batzuk kapazak dira bertan sustraitzeko. Pixkanaka osatzen dute lur sail txiki bat non elikagaiak pilatuko diren.
Bitxilore bat, bi, hiru eta askoz gehiago hazten dira udaberriko larreetan. Intsektueentzat amu izan nahi dute, beraien polena hedatzeko eta hurrengo sasoian bizitza zikloa berritzeko.
Hartu aulkia eta eseri lasai inguruaz gozatzera. Mendi zaharrak, baso berdeak edo larre-soro zabalak ikusiko dituzu. Arimaraino sartuko zaizkizu eta lasaigarri izango zaizkizu.
Kolore guztietako ohialak bildu eta karratu koloretsuetan elkarri lotu dituzte alfonbra eta mahai zapi biguna osatzeko. Beraren gainean paseoa eman eta tripa zorriak kentzeko eseri. Horrela ari dira bisitariak.
Kideei seinaleak egiten dizkie gizon honek. Norabait gidatu nahiko ditu. Eguna hiri barruan piknika egiten igarotzeko aproposa da. Eguzkitsu eta epel. Nabari da uda atarian dela.