Belarriak luze. Muturra ere. Begiak triste antzera, begirada malenkoniatsua. Lepo luzea eta mardula. Burua baxu mantentzen du, bere pisua ezin jasan izango balu bezala.
Kaixo asto. Zergatik sartu zara babesera? Hotzik al zaude? Euria hasiko den beldur al zara? Ia uda hasiera da eta giroa ezin hobea da. Lasai atera zaitezke larretatik nahi beste belar fresko jatera.
Harrokak bizitoki garratza izango dira, baina landare batzuk kapazak dira bertan sustraitzeko. Pixkanaka osatzen dute lur sail txiki bat non elikagaiak pilatuko diren.
Bitxilore bat, bi, hiru eta askoz gehiago hazten dira udaberriko larreetan. Intsektueentzat amu izan nahi dute, beraien polena hedatzeko eta hurrengo sasoian bizitza zikloa berritzeko.
Hartu aulkia eta eseri lasai inguruaz gozatzera. Mendi zaharrak, baso berdeak edo larre-soro zabalak ikusiko dituzu. Arimaraino sartuko zaizkizu eta lasaigarri izango zaizkizu.
Alanbrezko ate hesiak apenas nabaritzen dira baina baserria mugatzen dute, zatitu. Behar bati erantzuten diote baina naturak ez du behar hori ulertzen.
Pagadiak badu berezko izaera: itzal sakonak, hosto lehorrak nonnahi. Zaila zaie beste landare motei bertan ugaritzea eta talde homogeneotan elkartzen dira arbola hauek.
Paretazko harrien artean eta iskina batean dagoen argindarra neurgailu kutxari irribarre sinpatikoa jarri diot norbaitek. Jarri dion hori sinpatikoa izango al da ere? Ziurrenik beste inorri irribarrea eragitea izango zuen helburu. Horrek sinpatikoa bihurtzen du.