Ilundu du dagoeneko. Arbolak eta etxeak itzalez bete dira. Zeruaz gozatzea, baina, oraindik geratzen zaigu. Neguko arrats laburrek ez bait dute sarri uzten honelako ikuskizunaz gozatzea.
Zeru zabal bat ikusteak beti da ederra. Hodei zuriek mihise urdina margotzen dute orban zabalekin. Hegazkinek, berriz, marra zuri finak uzten dute atzean beraien bidean aurrera doazela.
Herri honetako txoko bat: aparkalekua, pasealekua, igarobidea eta errepideak osatzen dute. Ez du aparteko ezer, baina bere edertasuna momentuan datza. Arratsean bakartasun usaina somatzen da.
Zuhaitz baten adar bakoitzak bere bidea hartzen du eguzki argiaren bila. Elkarrekin gurutzatu egiten dira eta sare fina osatzen dute, argia xehetzen duen sare hertsia.
Arbola adarrek argi-kontrara itxura liraina, pertxenta, dute. Adar bakoitzak bere bidea egiten du ahalik eta argi gehien aurkitu nahian. Suertatzen den nahasmenetik edertasuna sortzen da.
Ernamuinen kolore gorrixka neguaren hoztasuna apurtzen dute pixkat. Pena da hurrengo egunetan izozte batek akaba ditzakeela. Izan ere urteko aro hotzena hasi baino ez da egin.
Zuhaitz honek dagoeneko ernamuina freskoak dauzka. Nolabait ez du erabat galdu hazteko indarra, neguan egon bagaude ere. Azken urteotako negu epelek ere lagunduko zuten honetan.
Adar fin eta luzeduna izaten da neguko jantzia arbola askorentzat. Goietatik erregali gutxi etortzen da garai honetan. Hotza gogor, elurra tarteka eta argi gutxi.
Pasealeku hau eguzkiraino igotzeko egina dagoela ematen du. Luzea eta zuzena, harrizko zorua gorantza egiten du pixkanaka. Eguzkiak etxeen gainetik argitzen du zerua, argi gogorraz betez arratsaldea.
Etxe koloredun honek patiora begira dagoen balkoi luzea dauka. Teiletako gorria eta paretetako hori krematsua distiratsu ageri dira arratsaldeko eguzkipean.