Inguruko mendiak, harana inguratzen duten harrizko erraldoiak, lanbroaren atzeaan ezkutatzen dira. Ekaitza bukatu eta baretasuna etorri da. Laster, gaua ere etorriko da.
Lautadari begira dago mendi harana. Horra hor mendialde honetan santutegi bat eraikitzeko arrazoi bat. Beheko lanbro azpian bizitzen diren pasioak eta sentitzen diren beldurrak distantzia batera hobeto behatzen eta ulertzen bait dira.
Santutegi hau mendi baten goikaldean dago kokatuta, mendi altuagoez inguratuta. Eraikuntza handia, sinplea eta hotza. Neguko tenperatura baxuak pairatzen dira bertan. Eskerrak haizea eta euria kanpoan geratzen direla, behintzat.
Arroka, arbolak eta belardiak bata bestearen ondoan pilatzen dira. Zerurako bidea hartu dute, gure buru gaineko erraldoia sortu arte. Goiak ezkutuan dituen erraldoia, lanbroaren artean sartzeraino hazita.
Lanbroa jeitsi da eta dena lausotu du. Plaza zabal batean arbola erraldoi bat ikusten da. Lau harik eusten diote bere lekuan. Kaleko argiei esker desberdintzen da gaueko belztasunetik.
Kalean gora eta behera gauak harrapatutakoak geratzen dira. Urteko sasoi honetan ez dago giro kanpoan egoteko. Gau goiztiarra datorrenean, hobeto egoten da barruan.
Eguna eder zegoen paseoan ibiltzeko eta jendeak baliatu du. Dela oinez, dela korrikan, askok aukeratu dute leku eder hau. Herrenkadan doaz bidetik eguneko azken arnasa hartuz.
Udazken erdian gaude eta arratsaldeko orduetan behar da sorbalden gainean zeozer epelago eranztea. Ilunabar aurreko eguzkiak indarra faltan du giroa epeltzeko. Hala ere, pena merezi izan du arratsaldea paseoan ematea.
Ilunabarra hemen dago. Lanbroa ere bai. Arbola eta zelai artean egiten ari garen paseoa laster bukatua beharko du, gaueko hoztasunean murgildutak bukatu nahi ez badugu.
Lanbroa azpiko haranetik azkar igotzen ari da. Pasealariok ustekabean harrapatu gaitu. Jaka ondo itxi eta burua sorbalda artean sartzea tokatzen zaigu, bapateko tenperatura jeitsierari aurre egiteko.