Izotzezko arantza finak zurezko heziaren gainean sortu da. Naturaren apeta izan da. Edertasun misteriotsua eta desberdina sortzeko gaitasuna. Harritzeko gaitasun mugagabea.
Izotz kristal txikiek sortutako egitura berezia. Arantzez betetako baso hotz eta zuria hurbiletik nabarmentzen da gehien. Bere edertasun osoa erakusten du.
Zein kolorek margotzen dute zerua? Hodeiek beraien ohiko zuritasuna galdu dute. Eguzkiaren azken errainuek udazkeneko arratsalde hotza kolore beroekin bete dute.
Basoa edo arbola landaketa izango al da? Itxura pobrea dauka mendialde honek. Baserria ematen du ordez. Gelditzen diren arbola gutxiek, baina, handitasun boteretsua dute.
Ur emaria txikia da errekasto honetan. Ur urriak putzuak sortzen ditu. Jauzi laburrak ere. Goroldioak bere bidean ugaritzen dira. Ura iragazten dute pasatzean ferekatuz.
Pinu eta izeiek zaintzen dute basoa udazken eta neguan. Beste arbolak, berriz, erdi-lotan egoten dira egunak laburrak eta hotzak diren bitartean. Elurrari ere ez diete beldurrik.
Bidea jarraitu eta galdu zaitez, aldi baterako ez bada ere, baso barrenean. Bere lasaitasunak besarkatzen utz ezazu. Gero etxera buelta zaitez. Hurrengo egunean zure betiko bizitzak jarraituko du, baina, aldiberean, ezberdina izango da.
Kolore arreak nagusi dira udazkenean. Belarraren berdea baino ez da gelditzen udaberriko kolore festatik. Sastraka gehienak adar hutsak dituzte eta pinudien berde sakonak ez du kolore sorta apenas alaitzen.
Egunak zeharo laburtu badira ere pinuak ez du galdu bere edertasuna. Orratz itxurako hosto lirainek berde freskoa dute eta ernamuinak prest daude hurrengo udaberrian ernaltzeko.
Larreak, basoa eta haitzak. Segidak markatzen du baserri eremutiko baso basatietara igarotzea. Hurbileko muino lausoak ezagunak egiten zaizkigu, urruneko mendi malkartsuak arriskuz eta izaki ezezagunez beteak ematen dute.
Ira zaharra, aitzinatiko basoko biztanlea, bere urteroko bizi zikloaren momentu baxuenean dago. Lehortzen utzi du bere burua, garai hobeak etorriko direnaren zain.
Pinua hostoak harro erakusten ditu elur artean. Bere berde kolore distira handiagoa izaten du ingurua arretzen den heinean. Hostoak finak eta puntadunak dira. Ederrak.