Lore horiak. Zutoin okerra eta luzea. Eskultura txikia eta iraungaitza ematen du. Bizi apurt bat da ere. Lekua osatzen duen biziaren zati txikia eta garrantzitsua.
Belarren kirtenak bertikal hazten dira zelai gainetik. Intsektuek ere erreparatzen diete. Izan jateko, edo besterik gabe bidean atseden txikia egiteko, bereak egiten dituzte landare xume hauek.
Belarraren kirten luzea puntako lorearen pisuaren pean jartzen da balantzaka. Han eta hemen agertzen dira. Forma eta kolore desberdinekoak dira. Zelaian, baina, denak hazten dira era berean, zerurako bidean.
Lore bat baino ez da. Lore polit bat da, baina. Batzuekin usainduz goza daitezke, besteekin janez. Jan eta usaindu egiten ez bada ere, ikusi hutsarekin ere goza daiteke.
Zerealen familiakoa izango al da landare hau? Labore bat izango al da? Haren itxura berbera dauka. Belarren artean eta gainetik ikusten dira hazi multzo horiek, haizearen menpe kulunkan.
Lorea eta udaberria. Udaberria eta lorea. Bat datoz. Bera dira. Belar artean kolorea eta usaina ematen dute. Intsektuei bizitza ematen die. Bestelako animali txikiek ere beraiengandik hartzen dute sostengua.
Joarea eta bizarra jantzita daramatza ahuntzak. Bitartean sastraka baten lehenengo hostoak dastatzen hasia da. Luze doa fresko jan zuen azkenengo aldia. Gogoz hartuko zuen, neguaren gogorra eta gero.
Txoko guztietan bilatu behar du jatekoa animaliak. Enbor artean sartu du burua. Ematen du nekez aurkituko duela zer jan. Baina berak hobeto daki. Hor nonbait usainduko zuen kimu freskoren bat gordeta.
Animali honek ez du bapatean gosea asetuko. Jan eta jan dabil sastrakak hostoz eta azalez hustutak utzi arte. Ez da ulergaitza, ahuntzek hartu duten ospe txarra. Ospea baino gehiago bada.
Adarrak zeruaren bila hazten dira edo lurrean lurperatzeko bidean daude? Mundua aldrebes al dago? Zerua urdina da eta adarrak fin eta luzeak. Dena ez dago buruz behera.
Erreka ohea ur korrontearen historia eta istorioak biltzen ditu. Jasotako sendimentakinak pilatu eta gorde egiten dira. Ahaztutako edo galdutakoak biltzen ditu. Bere inguruaren jasoleku bihurtzen da. Baita ere, urazpiko bizilagunei eskaintzen die egonleku berria.
Ura motel darraio bere bideari, beti aldapan behera. Uhin txikiek erakusten dute bere mugimendua. Bidean aurkitzen dituen oztopoen inguruan ibili eta bideari eusten dio.